Telebista pribatuak heldu zirenetik geure artera, aldaketa ugari egon da telebistagintzaren munduan. Programa eskaintzari dagokionez, "behingoa betiko" esanez bezala, kanal desberdinen parriletan markatu zituzten aldaketak eta joerak mantendu eta finkatu egin direla esan daiteke. Euromonitor-en2 datuak erabiliz Pradok, Huertas-ek eta Peronak (1992: 72-84) argitaratu zuten "España: nuevos modelos de programación" artikuluskan premonitorioak suertatu izan diren ideiak aipatzen dituzte. Idazlan horretan, 1989-1991 bitartean eginiko neurketaldiaren emaitzak erabiliz, telebista pribatuak jaio aurreko eta ondoko lehen momentuak azaltzen dira. Datuen arabera, Estatu espainiarreko telebista kanal desberdinen eskaintzak hiru zutabe besterik ez zituen Fikzioa, Informazioa eta Haur zein Gaztetxoen programak. Fikzioari dagokion kopurua gainera, Antena 3, Tele 5 eta Canal + emititzeari ekin baino lehen, 1989an, %20ra heltzen bazen ere, pribatuak martxan jartzeak %45aren ingurura jaso zuen maila, 1991ean. Informazio saioak, emisio orduen %20tik hurbil, sendo mantendu ziren kanal pribatuen etorrerarekin aldaketa handirik eduki gabe. Haur zein Gazteei zuzenduriko programazioak bere lekua izan du beti telebista publiko monopolikoan baina gorako bidea hartu zuen pribatuen etorrerarekin. 1989an %11koa zen emisio orduen kopurua, urte bete beranduago, %13,5ekoa eta, 1991ean, %15aren bueltan jarri zen adin txikikoei zuzenduriko programazioa. Emisioak hogeita lau ordutara zabaldu eta entretenigarriak pantailaratzeko joera (are eta nabarmenagoa prime-timean) ugaldu egin zen kanaletan, aldiz, Kirolak portzentualki beherako bidea hartu zuen lehen urte horietan. Audientzia modurik errazenean eta arinenean eskuratzeko norgehiagoka horretan, prime- timea bilakatu zen gainera joku-esparru preziatuena. Bertan areagotu egin ziren aipaturiko Fikzioaren presentzia baina baita ere Lehiaketena, Showena eta Infoshowena (talk show, reality show eta debate show). Esaniko Pradok, Huertas-ek eta Peronak datuak eskaintzeaz gain, lehen urte horietan somatzen hasi eta gerora nagusitu egin ziren joerak zehaztuz dituzten. Bost dira autore horiek aipatzen dituzten bide urratu-berriak: a) Programa asko asterokoak izatetik egunerokoak izatera pasatzen dira. Emisio- maiztasuna areagotzearen zergatia audientziaren fidelizazioa lortu guran dago. b) Programen iraupena luzatu egiten da eta logotipo eta aurkezle bera erabiliz "zirku karpa" gisa, azpian eduki zein genero desberdina duten zati heterogeneoak paratzen dituzte. c) Espektakularizaziorako bidea gero eta markatuagoa da eta genero guztiak hartzen ditu bere baitan. Programa mota desberdinen arteko mugak desagertu egiten dira eta Informazioa, Fikzioa, Showa eta Publizitatea konbinatu egiten dira ordura arte ez bezala. Gainera, programen tratamendu tekniko eta errealizazioa espektakularizazio horren esanetara jartzen dira. d) Aurkezle gisa aritzen diren izar berrien presentzia azpimarratu egiten da. Farandula mundutik etorritakoak edo telebistak berak sortuak, mediadore berri horiek programaren ardatza bilakatzen dira eta beraien nortasunean oinarritzen da saioaren itxuraketa osoa. e) Publizitateak pisu handia irabazten du eta, aldi berean, ugaritu egiten da hartuko dituen formak: publi-erreportajeak, programa barruan eginiko aipamenak, gain-inprimaketak, publizitate estatikoa, e.a. Telebista kanal pribatuen etorrerarekin hasi eta ondoren irmotu egin ziren joera hauek ez ziren kanal denetan modu berean eta kolpean eman baina guztietan barneratuz joan ziren lanerako eta kanalearen ustiaketarako filosofia berri gisa.