EITBren sorrera Euskadi Irratia. Erbestean ere Gerra garaiko irrati emandegiei jarraipena eman zien Eusko Jaurlaritzak. Itzultzean Euskadi Irratia berriro abian jarri zuen. Balizko entzule euskaldunak askoz gehiago ziren balizko euskal egunkari baten irakurleak baino, irakurtzen zekitenak gehi ulertzen zutenak izan baitzitezkeen irratiko entzuleak. 1984ko CIESen ikerketa baten arabera (Zufia, 1984), Euskal Herriko Autonomi Erkidegoan 696.100 euskaldun zeuden (hau da, euskara ulertzen zutenak). Horietatik 435.100 lagunek egunero irratia entzuten zuten. Bestalde, Espainiako 4/1980 legearen arabera, RTVE erakundea sortzeaz gain, zilegi zen komunitate autonomoetan irrati instituzionalak eratzea. Katalunian, Madrilen, Galizian eta Euskal Herrian halaxe egin zen. Horregatik, eta aurreko zenbait esperientziaren arrakasta erlatiboa kontuan harturik, Eusko Jaurlaritza 1982an hasi zen irratiko saioak emititzen. Euskarazkoak izan ziren lehenengoak, Euskadi Irratikoak. Emisora Donostian dago eta euskara hutsez aireratzen du bere programazioa, frekuentzia modulatuan. Euskal Herri osoan entzuten da (baila Iparrean eta Nafarroan ere), eta denetariko saioak eskaintzen ditu: albistegiak, magazinak, kirolak, musikalak... Urtebete lehenago, Bilbon hasi zen erdarazko emisora, Radio Euskadi. Geroago Euskadi Gaztea sortu da, irrati-formula (musika gazte arrakastatsua), euskaraz eta erdaraz. Badago beste emisora publiko bat, EITBren barruan dagoena: Radio Vitoria-Gasteiz Irratia, Eusko Jaurlaritzak 1981eko abenduan erosi zuena. Programazio gehiena erdaraz eskaintzen bada ere, badago zer edo zer euskaraz, adibidez urte asko iraun duen Maritxu Berritsu umeentzako saioa, Jeni Prietok zuzentzen duena. Euskaldunen %9,4k entzuten zuen Euskadi Irratiko programazioa 1984an. Denbora laburrean, Radiocadena Española eta Radio Nacional de España (RNE) batu ondoren, Radio 4 (Espainiako irratiaren kate autonomikoak) abian jarri zen 1989tik 1991 arte. Bertan irratsaioren bat euskaraz egiten zen, hala nola Argi Dorronsorrok gidatzen zituenak edo Radio Exterior de Españarako egiten ziren erreportaia batzuk. Radio 4 desagertuta, euskararen presentzia oso testimoníala da gaur egun Euskal Herriko RNEn. Euskal Telebista. 1983an hasi ziren lehen emisioak, ehun bat langileren eskutik. Luis Iriondok jaso zuen zuzendaritza. Legean ari eta garbi esaten ez bada ere, euskara hutsezko telebista bat eratu zen hasieran. Urte hori esperimentaltzat hartu zen, eta gauzak azkar-azkar egin ziren, irregularki, presaka (Ibf-ez, 1995: 348). Hasieran bi ordu eta erdi egunero: marrazki bizidunak, dokumentalak, luzemetraiak eta albistegiak. Abendurako kirolak - erretransmisioak barne - hauteskundeen berri eta elizkizunak eskaintzen ziren (40 ordu astero). Gaur egun ikus daitekeen albistegia eratu zen: Teleberri. Durangon ezarri zen egoitza, eta Alemaniako Studio Hamburg Media Consult International delakoaren laguntza tekniko-profesionala,izan zuen. 1984an proiektua gihartuz joan zen. Berezko ekoizpena handitzeko beharra ikusten zen. Langilegoa ere handitu behar zen, eta urte hartan 220 pertsona zeuden ETBn lanean. Orduan ere, zenbait irakasle euskaldunen kemenez, Kazetaritza ikasketak euskaraz egiten hasi ziren Leioako Fakultatean, eta euskaraz trebatutako lehen kazetariak lizentziatzen hasi ziren. ETBko balizko ikusleak 509.500 lagun ziren (Zufia, 1984). Lan gorabehera batzuekin, eta Euzko Alderdi Jeltzalearen barruko arazoak tartean (1985ean Garaikoetxearen ordez Jose Antonio Ardanzak izendatzen du EAJk lehendakari berria), ETBn ere aldaketak gertatzen dira. Zuzendaria zen Andoni Areizagaren ordez Jose Maria Gorordo izendatzen dute. Haren ustez, elebitasuna errespetatu behar zen, baina euskara hutsezko kanala ere mantendu behar zen. Orduan, erdara hutsezko beste kate bat sortzea proposatu zuen. Bat-batean egin zen hori 1986ko maiatzaren 3In. Egun bat lehenago Gorordok eman zien berria EITBko Administrazio-Kontseilukideei. Erabaki hori asko kritikatu dute beste alderdi politikoek eta euskaltzale askok. Gorordoren ondoren Josu Ortuondo izan zen ETBko zuzendaria. Adituen ustez, garai hori (1987-1991) normaltzearena da. Apostua, argi eta garbi, batez ere erdarazko katean, komertzialitatearen aldekoa izan da, gainontzeko telebista oflzialetan bezalaxe, batez ere kate ofizialek monopolioa galdu eta enpresa pribatuak emititzen hasi zirenean (hiru Espainian: Tele5, Antena 3 eta Canal+). 1991tik aurrera Inaki Zarraoak zuzendu du ETB. Bere zuzendaritzapean eredua ezarri da: bi kate, bat euskara hutsezkoa, bestea erdara hutsezkoa, komertzialitatea (eta zerbitzu publikoaren kontzeptuarekiko gatazka), gero eta produkzio propio gehiago (nor dago Goenkale programaren arrakasta), audientziaren estabilizazioa, nahiz eta telebista publikoak sortu (batez ere ETB-1, euskarazko katea, konpetentziarik ez duelako, tokian tokiko telebistena izan ezik), eta aurrekontu publikoekiko menpekotasuna: EITBK Kultur sailaren aurrekontu gehiena eskuratzen du, eta horrek ere kritika latzak sortu ditu. Hala eta guztiz ere, egia da Euskal Herri osorako euskara hutsezko telebista zein irrati bakarrak ETB eta Euskadi Iratia direla, eta ekimen pribatuak, gaur egun behintzat, ezin digula euskaldunoi zerbitzu hori eskaini. Gero eta gehiago dira tokian tokiko irratiak eta telebistak, elebidunak edo euskara hutsezkoak, baina oraingoz euskaldunon lurralde guztietara ailegatzen den bakarra EITB dela.