Hedabide gehienetara zuzentzen dira eta informazio iturri garrantzitsuenen artean kokatzen dira. Batik bat bi zeregin dituzte. Alde batetik, erakunde (edo enpresa) eta hedabideen arteko bitartekariak dira. Hortaz, prentsa kabineteek komunikabideen sarrera erakundeen informazioetara iragazten dute. Beste aldetik, kabineteek erakundeei edo enpresei interesatzen zaizkien informazioak igortzen dizkiete hedabideei. Jakina, informazio horien atzean normalean helburu politiko edo ekonomikoren bat egon ohi da. ("Kazetaritzaren hasi-masiak"; José Ignacio Armentia, José María Caminos eta Gorka J. Palazio. 196. orria)