EGUZKI IRRATIA ( Iruņa) 1982ko uztaileko egun haiek urruti daude oso, izan ere urte hartako San Ferminen ondoren gaur egun desagertutako Komite Ekologistetako kide batzuek Iruņean irrati libre bat sortzeko aukera ikusi zuten. Komunikabide alternatibo bat, non hirian zeuden erakunde zein giza-mugimenduen borrokek oihartzuna izanen zuten, gure herriaren baloreak eta informazioa emateko - eta ez soilik jasotzeko - guztiok dugun eskubidea defendatzen zen. Azken finean, adierazpen askatasuna ardatz izanen zuen irratia eraikitzen hasi ginen, erabakigune nagusia asanblada zen, independentzian eta autogestioan oinarritua zegoen eta, gaur egun arte ere askok "ahotsik gabekoen ahotsa" bezala definitzen dutena jaio zen. Hogei urte hauetan erasoak ugari izan dira. 83 eta 84an irratia lehendabizikoz itxi zuten, garai hartan Nafarroako gobernadore zibila zen Luis Roldanen aginduak betez; 88ko otsailean, erregearen "bisitaren" ondorioz irratiak jasandako erasoa, zeinaren ondoren gure esatarietako bat Auzitegi Nazionalean erregearen kontrako irainengatik epaitu eta libre utzi zuten. Azkenik, 92ko maiatzean, PSOEren lan erreforma baten kontra euskal Herrian greba orokorra egin zenean, honi buruzko informazioa emititzen zen bitartean itxi zuten. Halaber, botereak projektu hau hiltzeko asmoz trikimailu aunitz erabili ditu. Hauetako azkenekoa, talde askori eragin ziona, Iruņeako Udalak San Ferminetan txosnak jartzea debekatzea izan zen. Ezin dugu ahaztu txosnak direla Eguzki Irratiaren finantziabide nagusia eta debeku horrek egoera ekonomiko latzean utzi gaituela. Gainera, Nabarreriako gure lokalean berehala hastekoak diren errehabilitazio lanei, hauek egiten diren bitartean alokatu behar dugun lokalaren gastuei eta, jakina, irratiak berak sortzen dituenei aurre egin behar diegu. Horregatik, beste zenbait arrazoi ere tartean direla, urteetan zehar gordetako ohiturari aurten ezin izan diogu jarraitu, izan ere oraindik ez gara emititzen hasi. Gaur egun musika eta "Agurrak" besterik ez dira emititzen. Hala ere, lehen baino lehen hastea dugu helburu eta horretan dihardugu lanean, data zehatz bat ematea ezinezkoa zaigun arren.