TELEBISTAren HASTAPENAK: 1873. urtean George Carey estatubatuarrak selenioaren propietate fotoelektrikoak aurkitu zituenetik, irudien argia elektrikoki distantzia batera igortzeko modu teorikoa lortu zuen. Ahalegin horren ondoren, hainbat teoria sortu eta saiakerak egin ziren audio- eta bideo-seinaleak igorri eta berregin ahal izateko. Egitasmorik sendoena Paul Nipkow izeneko ikasle alemaniarrak egin zuen 1884an. Nipkow-ek zulotxoz osaturiko disko irudi-arakatzailearen atzean zelula fotoelektrikoa ezarri zuen. Diskoa biraka hastean, zulotxoek irudia arakatzen zuten, gero zelula fotoelektrikoan proiektatuz. Irudia berregiteko berriz, neonezko tutuaz baliatu zen; tutuaren atzean bigarren disko bat kokatu zuen eta lehenarekin batera biratzeko sistema ezarri zion. Nipkow-ren egitasmoa John Logie Baird eskoziarrak jarri zuen praktikan 1926an. Korronte fotoelektriko ahulak berrindartzea ahalbidetzen duen tutu elektronikoaz eta elkarrengandik urrun dauden bi puntu elkartzen dituen uhin hertziarraz baliatu zen eta horrela, hogeita zortzi lerrotan arakatutako iruditxoa igorri ahal izan zuen. Hau dela eta Baird, prozedura elektromekanikoen bidez irudiak seinale elektriko bihurtu zituen lehena izan zela esan daiteke. Sistema elektrikorik osatuena Vladimir Zworykin-ena izan zen. lkonoskopioa deituriko huts-hodiaren bitartez, irudiak zelula fotoelektriko txikiz osatutako mosaiko batean proiektatu zituen. Izpi elektronikoak zelula fotoelektrikoak arakatzen ditu, honen karga elektrikoa jasoz.