1960ko hamarkada Erbesteko ahotsa: Euzkadi Irratia. Erbestean zegoen Euzko Jaurlaritzak irratsaioak antolatu zituen, Gerran sorturiko Euzkadi Irratiaren bitartez. Kataluiniako Gobernuaren Radio Associació de Catalunyak ere emititzen zuen, eta Radio España Independientek. 1945etik 1954 arte Frantziatik bidali zituen Euzkadi Irratiak bere seinalea, aginte frankistak interferitzen saiatzen zirena. Hasieran Mugerretik eta Ziburutik emititu zuen, Joseba Rezolaren eta Ander Artzelusen ardurapean. Ordu erdiko irratsaioak izaten ziren, euskaraz eta erdaraz, baina erdara zen nagusi. Informazioa eta editorialak aireratzen ziren. Hamarkada batean Gobernu frantziarrak begi onez ikusi zuen, 1954an ordea Espainiako agintariei jaramonik egin eta artean barne ministroa zen François Mitterrandek Euzkadi Irratia ixtea agindu zuen. Orduan Euzko Jaurlaritzak Venezuelara eramatea erabaki zuen. Hamar urte luze igaro ziren, ordea, Frantziako garaitik Venezuelako irratsaioak emititu ziren arte. 1965ean, Ixaka Atutxaren eta Joakin Inzaren ardurapean, egunero hiru irratsaio aireratzen hasi zen Euzkadi Irratia. Erdi izkutupean; hango gobernuak begi onez ikusten bazuen ere - Venezuelako euskal kolonia indartsua eta populutsua zen -, Espainiako presioak ekiditeko. Caracasen ere ez zen entzuten, handik 40 kilometrora jarria baitzen emandegia. Isilpeko estudio batean grabatzen zen programa, gero zinta hartu eta emandegia zegoen lekura eramaten zuten. Ameriketatik Europara bidaltzeko uhin motzaren bidez egiten zen. Ordu erdiko irratsaioa egiten zuten, udan hiru aldiz eta neguan birritan jartzen zutena. Hiru minutuko euskarazko musikaldi bat eta beste hiru minutuko euskarazko artikulu bat ere aireratzen zuten. Beraz, ordu erdiko programazio hartatik sei bat minutu euskaraz egiten ziren. Hamabi urte egon zen emititzen, 1977ko apirilaren 30ean, igarobide politikoa zela eta, Euskal Herriratu ziren.