1960ko hamarkadan hegoan Irratia Hegoan. Barruan hainbat irrati-emandegi edo emisora zeuden, Seguran, Arraten, Tolosan, Bilboko Begoņan eta Barakaldon adibidez. Gehienak Elizarenak edo Elizan babespean sortuak. 1964an, Manuel Fraga Informazio ministroa zela, plan bat erabaki zen eta Komisio Episkopalari Madrilen lau emisora eta probintzia bakoitzean emisora bana jartzeko baimena eman zitzaion. COPE katea sortu zen horrela. Horren ondorioz Euskal Herrian honako hauek COPE sortu edo hari batu ziren: Segura Irratia (1956), Iruņeako Herri Irratia (1959, dominikoek sortua), Arrate Irratia (1959), Bilboko Herri Irratia (1959), Loiolako Herri Irratia (1961) eta Donostiako Herri Irratia (1962). Euskarak zenbait presentzia eduki zuen. Baita Estatuko emisora batzuetan ere, hala nola Radio San Sebastiánen eta Donostiako La Voz de Guipœzcoan. Hala ere, zailtasunak bazeuden: Loiolako Herri Irratian euskarazko publizitatea eta diska dedikatuak debekatuta zeuden euskaraz. Batez ere 70eko hamarkadan euskarazko irratsaioen kalitatea hobetu zen. Siadecoren ikerketa batek nabarmentzen duenez, emisorak hiriguneetara hurbildu ziren eta erlijioa-baserria-euskara ardatz ideologiko hori piska bat utzi zuen alde batera. Profesionalak ere hasi ziren sortzen. Ordurarte zaleekin, euskaldun adoretsuekin egiten zena, kazetari profesional euskaldunekin egin behar zen erdal komunikabideekin lehian aritu ahal izateko. Eta orduan nabaritu zen euskal kazetaritza profesionalaren eskasiak (Siadeco, 1977: 35-36). 1966tik 1976ra euskarazko irratien panorama orekatu zen. Loiolako eta Donostiako Herri Irratiak izan ziren, garai hartan, gidariak euskara uhinen bidez normaltzeko ahaleginetan. Aipagarria da lehen aldiz 24 ordu euskara hutsez transmititu zuen lehen irratia Loiolako eta Donostiako Herri Irratia izan zela, 1976ko martxoaren 27an, Euskaltzaindiaren omenez. Jose Ramon Belokik koordinatu zituen lanak. Hamahiru mahainguru zeuden euskal kulturaren beste horrenbeste alderdiri buruz, 24 kronika Euskal Herriko zenbait zonalderi buruzkoak ere aireratu ziren, eta 30 bat elkarrizketa ere egin ziren. Euskaltzaindiaren bilera Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregitik ere erretransmititu zen. Azkenik, Anoetako belodromoan egindako kantaldia ere eskaini zen. Denetariko irratsaioak egin ziren ordutik aurrera irratian: albistegiak, magazinak, publizitatea, musikalak, kulturalak, kirolei buruzkoak, erretransmisioak, eta abar. Kulturari buruzko irratsaioetan, eta erlijioari buruzkoetan, ez zegoen oztoporik euskara erabiltzeko, bai ordea gainontzekoetan. Halako diglosia bat sortu zen orduan kiroletan, albistegietan eta olgetetan, non gaztelania - edo ingelesa - nagusi ziren. Euskal Herriko Unibertsitateko lehen ikasle euskaldunek, euskarazko ikasgaiak landu zituztenek, karrera bukatu arte, 80eko hamarkadan alegia, ez zen konpondu arazo hau.