2002 TXOSTENA 2002. urteak ekimen garrantzitsu ugari ekarri ditu EiTBren etorkizunari dagokionez. Ekimen guztien oinarria EiTBk Eusko Jaurlaritzarekin izenpetu duen lehenengo Programa Kontratua da. 2002-2005 epealdirako akordio horrek EiTBk euskal gizartearekin dituen konpromisoak zehazten ditu, eta, aldi berean, eskaintzen duen zerbitzuaren finantzazio publikoa finkatzen du. Akordioak Taldearen egoera sendotuko du, eta aukera emango digu digitalizazioak dakartzan erronka berriei luzera begira ekiteko.

Ildo horretan, aurten EiTBren Gasteizko egoitza digitala inauguratu da. Radio Vitoriaren eta EiTBko gainerako hedabideen instalazioak bildu dira egoitza berrian, besteak beste, telebista estudio bat, irratirako ere erabil daitekeena, eta irrati estudio bat, telebistarako ere erabil daitekeena.

Egoitza berria erreferentziazko eredua izango da DIGIBatentzat, hau da, EiTBk euskal hiriburuetan dituen egoitzak digitalizatzeko proiektuarentzat.

Beste alde batetik, 2002. urtean beste lorpen bat ere nabarmendu beharra dago. Izan ere, EiTBk ISO 9001:2000 kalitate agiria lortu du, eta agiri hori lortzen lehen komunikabide taldea da, gainera.

Agiria, EiTBk etengabeko hobekuntzaren eta kalitatezko zerbitzuaren alde egindako apustuaren erakusgarri da.

Ekimenok EiTBren eguneroko eskaintzaren oinarriak eta funtsak dira, eta hala lortu du EiTBk hobetzen eta hazten segitzea. Horrek, EGMren arabera, azken hogei urteetako emaitzarik onenak ekarri ditu gure emisioetan, irrati eta telebistakoak batera hartuta.