Canal Vasco katea Amerika eta amerikarrentzat pentsatuta dago. Hizkuntza nagusia gaztelania da. Euskaraz egindako agerpenak, azpidatzita edo azalpen batekin agertzen dira.

Programazioak alor guztiak lantzen ditu. Hartara, euskal jatorrikoez gain, gainerako ikusleak ere bilatzen ditu. Bizitza ulertu, ezagutu eta azaltzeko modu berezi honekin interesaturik daudenentzat eginda dago, Europara hurbiltzeko era honekin bat datozenentzat alegia. Canal Vasco joan-etorrikoa da: Euskadirekin lotutako berriak Amerikara daramatza, eta Amerikakoak Euskal Herrira.

Hiru dira programazioaren ardatzak: informazioa, kirolak, eta kultura eta aisialdia. Egunean hiru albistegi eskaintzen ditu; horietako bat Ameriketako ikusleentzat bereziki prestaturikoa, gaur eguneko elkarrizketez eta eztabaidez osatuta. Kirol atal garrantzitsua ere badu, bai profesional arlokoa, bai amateurra: futbola, saskibaloia, pilota, txirrindularitza, eskubaloia, mendia, estropadak, herri kirolak. Filmak, erreportajeak, ibilbide eta eskaintza turistikoak, magazinak, kontzertuak, kritikak eta igandeko meza katolikoa ahaztu gabe.

Canal Vasco katearen seinalea Hispasat satelitearen bitartez iristen da Ameriketara.