EUSKADI IRRATIA: Erbestean ere Gerra garaiko irrati emandegiei jarraipena eman zien Eusko Jaurlaritzak. Itzultzean Euskadi Irratia berriro abian jarri zuen. Balizko entzule euskaldunak askoz gehiago ziren balizko euskal egunkari baten irakurleak baino, irakurtzen zekitenak gehi ulertzen zutenak izan baitzitezkeen irratiko entzuleak. 1984ko CIESen ikerketa baten arabera (Zufia, 1984), Euskal Herriko Autonomi Erkidegoan 696.100 euskaldun zeuden (hau da, euskara ulertzen zutenak). Horietatik 435.100 lagunek egunero irratia entzuten zuten. Eusko Jaurlaritza 1982an hasi zen irratiko saioak emititzen. Euskarazkoak izan ziren lehenengoak, Euskadi Irratikoak. Emisora Donostian dago eta euskara hutsez aireratzen du bere programazioa, frekuentzia modulatuan. Euskal Herri osoan entzuten da (baita Iparrean eta Nafarroan ere), eta denetariko saioak eskaintzen ditu: albistegiak, magazinak, kirolak, musikalak...