IPARREAN: Iparraldean tokian tokiko komunikabideen mugimendua, egon badagoen ere, Hegoaldean baino askoz ahulagoa da. Arrazoi askorengatik: lehena, ziur aski erabakiorrena, euskara ofiziala ez izatea da - eta dirulaguntzarik ez jasotzea, beraz -, Euskal Herriko Autonomi Erkidegoan edo Nafarroan ez bezala. Beraz, Ipar Euskal Herrian dauden aldizkari gehienak batez ere frantsesezkoak dira. 1997an, gutxienez, honako hauek argitaratzen ziren: Bayonne magazine de la ville, Anglet magazine eta Biarritz magazine, non euskarak oso presentzia eskasa zeukan. Presentzia testimoniala ere bazuen Bidart Info/Bidarteko berriak, Bil Hedaiako hilabetekaria/Mensuel Hendayais, Le Journal de Guethary/Getariako berriak, Urruñan bizi/Vivre à Urrugne, Bulletin Municipal, St. Jean de Luz berriak. Votre Magazine d'information municipal, Herriko berri Hiriburu/Bulletin municipal de St. Pierre-d'Irube, Beskoitze-Briscous infors municipales, Ezpeletako Bipar berri aldizkarietan. Gehienak, bistan dago, udalekoak dira. Zerbait gehiago agertzen zen euskaraz Bat gehio!, Gure Herrian Urruña, Pitz, Kitzik eta Kutzu aldizkarietan (gehienak kultur elkarteek argitaratuak). Beste batzuk dira: ekonomiari buruzko Hemen. Magazine ƒconomique, Altxa! Mutillak. Itsas gazteriaren aldizkaria eta Pottok. Euskal Herriko zaldi ttikia, guztiak elebidunak (frantsesa nagusi) eta sektorialak. Kultur aldizkariak ere badaude: AEKazeta. Iparraldeko AEK-ko barne aldizkaria (erdia euskaraz), Iguzkilore. La lettre des verts du Pays Basque (%15 euskaraz), Lauzka (erdia euskaraz), Agur. Bulletin de Eskualdunen Biltzarra (Bordelen 1953tik argitaratzen dena, euskaraz oso gutxi), Parisko Elgar (euskaraz %12). Baita politikoak ere: Ekaitza astekari abertzalea (%25 euskaraz), Enbata hilabetekaria (%12 euskaraz), Eusko Alkartasunaren Alkarrekin (%24 euskaraz) eta Ager Iparralde. Gogoetak: atzo, egun, bihar hilabetekaria (%12 euskaraz). Euskal Haziak aldizkari katolikoan %80 euskaraz dago. Donibane Garazin ere, frantsesez, euskaraz (%12) eta bearnesez Laborari/Lo païsan hilabetekaria agertzen da. Aldizkari gehienak nahiko txikiak dira (gehienek 8-12 orrialde baino ezdute) eta zabalkunde nahiko murritza dute. Herria da, oraindik - bere eragina nabarmenki murriztu bada ere - gehien saldu eta irakurtzen duen aldizkaria, eta euskaraz gehien duena.