2000. urteko abenduan abiatu zen Txolarre Irratia, Tolosaldeko Irratia. Lehenagotik ordea, beharrezkoa izan zen, aipatu eskualdeko herritar talde batek hausnarketa egin eta irratia martxan jartzeko konpromisoa agertzea. Halaxe egin zuten eta halaxe jaio zen Tolosaldeko euskarazko irratia. Hasiera hasieratik finkatu zituzten zeintzuk izango ziren proiektuaren oinarriak. Txolarrek eskualdearekiko konpromisoa agertuko zuen: - Konpromisoa Tolosaldean euskara normalizatzeko; - Konpromisoa eskualdeko informazioa independentziaz eta zintzotasunez emateko; - Konpromisoa azken batean, herritarrentzat kalitatezko irrati bat egiteko. Bi urte eta erdiko ibilbidean gainera, konpromiso horiekin bat egin duten herritar asko hurbildu ziren Txolarre Irratira. Eurek jarri zioten ahotsa Tolosaldeari, hasiera hasieratik egitasmo honen izaera herrikoia berretsiz. Eta ez bakarrik, irratiari ahotsa jarriz; Herritarrek Txolarrek aurrera jarraitzeko konpromisoa agertu zuten, irratiaren diru iturri izan diren ekimenetan parte hartuz, irratian publizitatea jarriz edota bazkide eginaz. Horiek dira, hain zuzen, irratiaren bi diru iturri nagusi, baina bada beste bat ere: Andoaindik hasi eta Legorretara bitarteko 30 udaletetan eskatzen dituzten diru laguntzak.