IRRATIAREN NORABIDE BERRIAK Irratibidea digitalizazioaren aroan sartu da. Ikusizko irrati bihurtu da orain arteko entzunezko irratia. Ikusizkoa izango da, audioarekin batera ikusmena baliatzeko aukera emango baitigu. Hala ere, bere horretan segitzen du irratiak, hots, berehalako informazioa jasotzeko bitarteko makina den aldetik. Aldaturik eta teknologia berriei egokituz, baina laguntasu-uneak eduki eta informazio arina jaso nahi dugunerako hor dugu. Atzean gelditu da tezefa (Ipar Euskal Herrian luzaro horrela deitu izan zaio), eta t.s.f. akronimotik, télégraphie sans fil delakotik, gaur egunera ailegatu gara. Behialako harigabeko telegrafia hura urruti geratzen zaigu dagoeneko. Ehun urte baino gehiago pasatu dira Marconi italiarrak harigabeko telegrafia berriaren patente britaniarra lortu zuenetik, 1887ko uztailaren 2an izan baitzen. Irratia hedabide bizia eta hiritarrek estimatua da, CD edo disko trinkoaren estandarra agertu zenetik, soinuaren kalitateari dagokionez, zaharkiturik geratu dena. Egun soinuaren kalitatea asko hobetu a, eta goi-mailako fidelitate handiena lortu nahian teknologia sistema berriak garatu dira. Beraz, analogikoaren soinuak ez du etorkizunik, izan ere, 2012rako bere desagerpena aurreikusten da. Digitalizazioaren aroa da gurea, eta irratiak ere egokitu behar du aro honetara. Soinuaren jasotzearekin erlazionaturik ez dauden irrati-prozesuetan errealitate bihurtu da digitalizazioa irrati-idazlgela eta estazioetan. Soinuaren jasotze digitalak, irratiaren aldaketa suposatu du, irratia neurri handi batean multimedia bihurtuz. Telebista digitalak eragina du populazioaren irrati eta telebisten entzuketa-indizeetan. Hori horrela, autoprogramatzeko aukera dugu, programen aniztasuna, home cinema eta horrelako hainbat, jendearentzat oso erakargarri bihurtzen dira digitalizazioari esker. Ikusentzunezkoen esparruan dagoen lehian, irratiak galtzeko aukerak ditu entretenimendu eta jasoketa estatikoen alorrean, garatu diren Internet, bideo-jolasak eta dibertimenduarekin erlazionaturiko gainerako moduak direla-eta. Irratiari, beraz, informazioaren eta musikaren bidea tokatzen zaio. Seinale multimediatikoak jasotzeko aparatu-aniztasuna ere garrantzitsua da, higikortasunaren aroan irratiak bere lekua eduki dezan. Pantaila txikien bidez jasoko diren irudiak, mapak eta datu grafikoak irratiaren kontzeptzio berrira garamtzate, multimedia den irratira hain zuzen. Prentsan ere antzeko zerbait gertatu da, Internet sareak idaztankera estatikoa aldatu baitu. Irrati digitala soinuaren igorketa eta jasoketa da, disko trinkoak erreproduzitzeko aparatuetan erabiltzen den teknologiaren parekoa baliatuz, audioa prozesatzen dugularik. Kalitatea soinua trinkotzeko teknika berezi batez lortzen da: MPEG-1, MPEG-2,... Horrela DAB edo Digital Audio Broadcasting sistemak gure entzumenak igartzen ez dituen, soinuak baztertzen ditu, eta bat/zazpi erlazioaz datuak igortzen dizkigu jatorrizko soinutik eta kalitatea galtzeke. Audioaz ari garela, ezin dugu aipatu gabe utzi gaur egun indartsu dabilen MP3 audio formatu trinkotua. MPEG-1 formatuaren hirugarren geruza da, audioari dagokina, hain zuzen. Audioaren esparruan iraultza izan da nahiz eta ez den estandarra. Izan ere, honetan librea den bakarra Ogg dugu. Irrati digitalak abantailak dakartzala erraten da. Sintonizatzea errazagoa da, ez dugu diala mugitu beharrik, izan ere, eragiketa berehalakoa bilakatu baita. Bilaketa automatikoa da, irrati-seinalerik onenak harrapatuz. Beste onurak, hala nola: irrati-estazioaren irratsaioen seinaleak nahi beste km-z sintonizaturik eduki ahal izatea, eta irrati-pantaila digitalari esker datu eta zerbitzu erantsiak jaso ahal izatea. DAB sistema sortu zutenek ondoko helburua zuten: irrati hedatzaileak, sare-hornitzaileek, tresna-ekoizleek, profesionalek eta administrazioek forum egokia eduki behar zuten DAB-ek ematen duen soinu kalitate handiko sisteman oinarriak jartzeko eta soinu horren jasotze finkoa eta ibilkorra abiarazteko, horrela interferentzia eta multipath oihartzunei itzuriz. Irrati digitalak ematen dituen erraztasunez mintzatzean ondoko ezaugarriok aipatzen dira, besteak beste: audioaren jasotze finko eta ibilkorrean kalitate handiagoa, kanal irrati-elektronikoaren erabileran malgutasuna (programa kopurua vs kalitatea), panoramen eskaintza emendatzeko posibilitatea, balore erantsiko zerbitzuak (batetik, programei atxikita edo kanpotik doazen datuak transmititzeko ahalbidea, eta bestetik, irudi finkoen laburpena). Informazioaren esparruan ere aldaketak suposatzen ditu digitalizazioak: albistegiei erantsitako datuak eman, baita datutegi zehatzak (estatistikak...) eta irudidun informazio metereologikoa eskuratzea ere. Behin MBONE teknologiak porrot egin eta gero (sareen sareari audio eta bideoa emateko erabilia), 1995eko apirilean Seattle-ko enpresa batek, Real Audio 1 produktua plazaratu zuen. Progressive networks-ek sortutako algoritmo-kodifikatzaile horren bidez, zibernautak kalitate baxuko soinua jaso zezaketen. Audio streaming-aren jasoketaren alorrean urrats nagusia zen hori. 1995eko udaberrian, Kaliforniako Silicon Valley-ko enpresa batek Streamworks plazaratu zuen, Real Audio 1en kalitatea gaindituz. 1995eko azaroan, Real Audio 2 atera zuten, aurreko bertsioa gaindituz. Orduz geroztik, Real Audio estandarra nagusitu da Interneten audioaren esparruan. 1996ko irailean Progressive Networks-en ekoizkinaren hirugarren bertsioa atera zuten, estereoaren estandarra lortzeko grina eduki eta Macromedia enpresaren Shockwave izeneko plug-in-arekin lehia bizian egon ondoren. Shockwavek soinu hobea zuen Real Audio 2k eta Streamworks-ek baino. Gainera, soinu esteroa garraia zezakeen Shockwave-k. Dena den, badirudi Real AudioVideo sistema izango dela sarean audioa eta bideoa inplementatzeko gehien erabiliko den estandarra. 1997ko abuztuan, 692 irratigune zeuden erregistraturik Timecast-en, algoritmo horren laugarren bertsioaren erabiltzaile gisa, Real Audio Video 4. 1998an bosgarren bertsioa kaleratu zuten, Real Audio Player. World Wide Web-ean (Mundu Zabaleko Sarea) audioa sartzeko programeria orokortu egin da. Estandarrek gero eta RAM memoria gehiago eskatzen dute; halaber, mikrorozesatzaile arinagoak, eta programak eta dokumentu multimediatikoak gordetzeko gauza diren tresna egokiagoak. Gaur egun Interneten bidaiatzeko ditugun abiadurak eta sarearekiko lotura gehiago eta luzeagoak egiteko zabaldu diren tarifa telefonikoen aukerak kontuan izanik. Interneten jartzen den estazio edo guneak hiru datu-zirkulazio egitea posibilitatzen du: soinua, irudia eta testu soilaren zirkulazioa. Lehenbiziko zirkulaziao, Unicast deitzen da, eta jasotzaile bakoitzari datu-multzoen kopia ezberdinak igor dakizkioke. Bigarrena, broadcast da, irrati-konbentzionalarena: informazio-multzoa ahalik eta jasotzailerik gehienengana igortzen da. Hirugarrena, berriz, multicast da, hots, igorleak bezero edo jasotzaile datuei igortzen dizkie datuak. Interneten www sarea dugu, audioa eta irudiak garraiatzea ahalbidetzen duena. Sareen sarea deitu ohi dena, Interneten dauden eta egin daitezkeen zerbitzuetariko hedatuena da. Sareak ateak zabaltzen dizkie ziber-irratigunei, nabigatzaileen informazio egarria asetzeko. Sarean egoteak ez dakar diru-inbertsio handirik. Ziber-espazioako entzuleengan iristea edonoren esku dago. Irrati-enpresek hedabide horretan zer bilatzen dute? Hasieran, enpresaren irudia present egotea, eta gero nahiko estatikoak diren datuei izurtzen zaie, ziber-entzuleengana iristeko asmoz. Irrati-hedatzaileak kontuan izan behar ditu, soinua sarean ipintziko dituen molde ezberdinak. Www-ak hiru aukera ematen ditu audio agerzerakoan. Fonoteka edo iraunkorra batetik (telekargarako aurkezten den audioak luzaro dirau intersgarritasuna gordez), bestetik iragankorra (zibergunean jartzen den audioa berehala iraungitzen du), eta zuzeneakoa, azkenik, hots, gertatu ahala igortzen dena. Irismen aukerak, berriz, bi dira: Teledeskarga (saretik jaisten dugun audio-artxiboa, nahi dugunean entzun ahal izateko) eta Bit streaming-a (teledeskarga egin arau, audio-informazioa erreproduzitzen doa -on-lineeko erreprodukzioa, zuzenekoa-). Interneteko irrati-zerbitzarietako informazioaren gaurkotasuna jada ez da problema. Sistema zentralean dagoen informazioa aldatzen denean, web-zerbitzaria gaurkotzen da momentuan. Sarean egotez batera, aplikazio berriak sortu dira irratigintzan. Irratiguneak izaera multimediatikoaz jabetzen dira; irudiak, datutegiak, animaziaok, bideoa, testu dinamikoa... Interneteko sarrerak kontrolatzeko sistemari dagokionez, ziber-irratilariek aukera asko eta handiak dituzte estatistikak lortzeko, zer-nolako ikustaldiak egiten diren, nondik egiten eta zenbat artxibo jaisten diren uneoro jakiteko. Mundu analogikoan soziologoek egiten zituzten azterketak eta zundaketak, Interneten software edo programeriari esker egiten dira. Beraz, sareak berak ematen digu aukera entzuleen gaineko datuak gure menean edukitzeko. Horrela ba, ziber-irratia deitzen diogu, hastapenean audioan oinarritu zelako, ondoren, ordea, Interneterako pausua eman du. Etorkizuneko irratia ondo ulertzeko gakoetariko bat interaktibitatea da. Programen auto-errealizazioa gertatzen da. Irrati digitalean goi-fidelitateko sinuak igortzen dira zuntz-optiko eta sateliteen bitartez. Interaktibitatea da, irratietako edukiak alda ditzakeena. Irrati digitalean bi eredu berri ageri dira: batetik, eduki metatuetako irratia (entzuleak makinarekin interaktibatzen du. Erabiltzaileak zinta batean grabatutako azken albisteak entzun ditzake. Zuntz optikoen zabaltzeaz batera, dauden trabak kendu ahal izango dira autoprogramazioa gauzatzeko. Entzuleak aktiboki hartzen du parte informazioaren hautaketan) eta iturriarekiko interkatiboa den irratia, bigarrenik. Azken honetan, interaktiboak diren kazetariek multicast moduan bidaltzen diete informazioa bezero harpidedunei, igorleak feed-back egin dezakeelarik. Badirudi irratiguneak erabat multimediatikoak izateko joera nagusitu behar dela, sarearen ahalmen guztia aprobetxatzearren. Edukiei dagokionez, etorkizunean irratiaren tipologia orokorra bost estazio-motaren barruan gera daiteke. Bost irrati-motak, irrati musikala, info motako irratia, musi-info motako irratia, irrati generalista eta koktel motako irratia izango lirateke. Badirudi, irrati espezializatuen aldeko apostua nagusituko dela etorkizunean, hots, informazioan espezializaturiko irratiena. Irratiguneen audientzia handien amaiera etorriko da, horma-hilobiak agertuz entzuleen nahiak asetzeko. Batzuetan hiperespezializazioa gertatuko da, digitalizazioari esker ditugun entzuleei buruzko datuak hobeto ezagutuko ditugulako. Irrati-estazioen muntaketak merkea izaten segituko du eta irrati berri horrek kazetari guttiagori emango dio enplegua. Digitalizazioaren aroan, programatzaileak erreminta onak ditu eskura target edo entzuleria-helburuetara errazago heltzeko, programeria informatikoari esker entzuleak ia polizialki kontrolatuz. Digitalizazioaren aro da gurea eta mundu honetan erronka berri eta handiei aurre egin beharrean aurkitzen gara.