Xiberoko Botzak 1982 agorrilaren 4an egin zuen lehen emanaldia Irabarneko jauregitik, eta 1985ean estudioak jarri ziren Mauleko plazan. Hastapen batean euskaltzale eta ezkertiarrek eraiki zuten irrati librearen xedez, orduan monopolioa zuten Sud-Ouest, Miroir eta Radio France irratien bazterketa gainditzeko. Horretarako ere irekia zen hizkuntza aldetik: euskaraz egitea lehentasuna zuen euskaldunentzako. Ikastola berri, AEKk, CGT sindikatuak eta beste hainbat borroka eramaten duten taldeak Xiberoko Botza dute hedabide garrantzitsuena. 1999an Xiberoko Botza Irratian egunero 16 orduko programa zabaldu zuen. Asteko programa luzatu eta 6,30etan hurbileko programekin hasi zen: berrien tituluak, aroa, salerospenak, herrietako berriak, etab. 7,30tan berri saila eta 9,30tako kultur emanaldia eginak dira euskal irratien (XB + Gure Irratia+ Irulegi Irratia) elkarlanari esker. Euskal Irratiekin jarraitzen da 12,30ko berri sailean, arrestiriko musika animazioan eta 18,30eko berri sailean. Horrela Lapurdi, Baxenafarroa eta Xiberoako Informazio orokorra zabaltzen da Xiberoko Botzean. Igandetan Euskal Irratien programa errepikatzen da. Arratsaldetan laguntzaileek egin programa zenbait frantsesez hedatzen dira baita hizkuntza horretako elkarrizketak ere; Programetan, %90a euskarazkoa da. Irratiaren kudeaketari dagokionez, bost langile dira eta hogeita hamar laguntzailekin eramaten dituzte eginbeharrak. Kudeaketa eta jabetza "XiberokoBotza" elkartearen gain dira eta bere egituretan (Biltzar nagusia, Administrazio Kontseilua eta bulegoa) erabakitzen ditu irrati xedeak eta langileen lan moldeak. Diru iturrietarat helarazten ditu galderak (Ministeritza, Departamendua eta Herriko Etxeak, hots, %50) eta herrikoi diru bilketak antolatzen (suskripzioak, festak, eta etxez-etxe egindako kanpainak). Udan etxez etxe ibiltzen dira laguntzaileak Xiberoako euskaldun eskualde gehienetan eta emaitza ederra biltzen dute.