Tas-tas Irratia Orain urte batzuk (1992ko urtarrilean) zenbait pertsona - ez aunitz baina - irrati libre batzuetatik galdu eta umezurtz geratu, baita TAS-TAS informazio-agentzia alternatibotik ere, biltzen hasi zen garai hobeak bilatzearren, eta utopian murgilduz, irrati idealaren proiektua orrazten hasi zen. Denbora joan ahala honako ondorio honetara ailegatu zen: lehenagoko irratiek uhinetan egote hutsaz ahalmen handiak zituztela erakutsia zuten, bidea bera desmitifikatzen zutelarik eta bazegoen irratigintzaren mugak eta maneiuak agerian utziz. Hala ere, ez zuten asmatu benetako irratiak izaten ezta libreak ere. Irratigintzan ez zuten maila nahikorik lortu, salbuespenak salbu, antolakuntza eta baliabide ezagatik. Irrati libreen eragilerik gehien elkarte soziopolitikoetatik zetorren, eta irratigintzan iharduteko ahalegin handiak eginda ere, irratiak jarraipenik izan zezan ez zen funtzionamendurako era berriak sortzerik lortu. Honela definitzen du Tas Tas Irratiak, irrati libre bat: PARTIZIPATIBOA eta AUTOGESTIONARIOA. Honek esan nahi du partaide guztiek bere mantenimenduan eta garapen osoan esku hartzen dutela, salbuespenik gabe eta hastapenetatik. Irrati libreak komunikazioa eguneroko esparrura ekarri eta honen monopolio eta zentralizazioaren aurka borroka egitearen beharrarengatik sortzen dira. Betidanik komunikazio medioetan isladarik izan ez duten sektore herrikoiek bere expresio bideen sortzeko duten beharragatik garatzen dira. TAS TAS berri agentziaren oroigarri hartzen dute TAS TAS Irrati Librea. Hala nola, Nerbioi itsasadarreko frekuentziak bete zituzten irrati libreen heredentzia jasotzen dute. Hedatzen den mezua bere mesedetan eraldatu nahi edo ahal lukeen ezein presio talde politiko, erlijioso edo eta ekonomikorengandik libre lan egiten dute. Libre, adierazpen askatasuna emisio askatasun bezala itzultzen dutelako, beren ideien adierazteko eskura duten medioen erabilera eskubidea alajaina. Halaber, librea da euren erakuntza ez hierarkiko eta antiautoritarioa direla eta. Honetaz gain, ez dute helburu merkantilistarik; eta komunikazioa ez dute lukuru iturri bezala ulertzen. Euskal Herria aske eta solidario baten askapen mugimenduan murgildurik daude. Eta honekin batera, Euskal Herriaren nortasun, kultura, hizkuntza, ohitura eta etorkizunaren alde daude. Bertzalde, TAS TAS Irrati Librea Ganguren menditik Seranteseraino frekuentzi modulatuko 97 Mhz-ak "okupatzen" dituen irratihedapen egitasmo bat da. Irratiaren helburuen artean, honakoak daude: batetik, bestelako irratigintza sustatu nahi dute, bai forma aldetik nahiz eduki aldetik: ezkutatzen edo eraldatzen diren informazioak eman, ahotsik ez dutenei uhinak eskaini, eztabaida bultzatu, gizarte-mugimendu aurrerakoien euskarri izan, gertaeren ikuspegi anizkoitzaz ohartarazi... Programazioa "adreilua" ez izateko, betiko leloak arbuiatzeko, arrunkeria ekiditeko egin nahi dute. Etika eta estetika, edukia eta entretenimendua, zerbitzua eta gozamena aldi berean eskaini nahi dituzte. KALITATEA -programa landuak, etengabeko formakuntza, baliabide tekniko egokiak- eta ESPERIMENTAZIOA -formula berrien bilaketa, gai alternatiboak lanketan eta gaiak lantzeko era alternatiboak- dira programazioaren zutoihalak. Beren gizarte-ekarpena irratigintza da, eta irrati libreen bestelako xedeak baztertu gabe, ezin dute inor edo ezer ordezkatu, ezta behar ere. Politiketan ibili baino gehiago zera nahi dute: bizitza, sentimendu, kezka eta inguratzen gaituen guztiaren aurrean jarrerak landu; gizarte zapaltzaile eta itotzaileri aurre egiten dion ororen iritziak, nahiak, kritikak, proposamenak, intuizioak hedatu. Iritzi aniztasuna errespetatzeaz gain Adierazpen-askatasuna eskubide baino gehiago da beraientzat: komunikabiderik ez duen jende askok baduela zer komunikatu, eta doktrinamendu aurrean debatea dela elkar ulertzeko eta aurrera joateko metodorik onena uste dutelako. Bizitzaren aurrean argi eta garbi mantentzen diren ideiak, sentipen eta jarrerak eureneguneroko zereginean iharduteko hauexek dira, besteak beste: * Zentzuen birpizpenarekiko konpromezua, barrea, lasaitasuna, elkar ulertze era komunikatiboagoak, irekiagoak, antiautoritario eta hierarkien kontrakoak. * Elementu negatiboen aurka, hala nola: botere nahia, gero eta gehiago edukitzearen nahia, gehiegizko kontsumoa, pertsonen pertsonekiko esplotazioa eta herrien herriekikoa, ezein motatako autoritarismoa. *Ahul, jazarri, erasotu, ez ulertu...arekiko konpromezua. *Natura eta izaki biziak babestu eta errespetatu. *Euskal Herriaren nortasuna, kultura, hizkuntza eta ohiturak defendatu. Beti eta momentuoro gehiegikeri guztien salaketa. *"Bere nagusien ahotsa" izan ezean medioa erabili nahi duen ororentzako eskuragarritasuna. *Objetibotasuna gertaeren azalpenetan, sinesgarritasuna gureganatzeko eta propaganda susmoa ekiditeko. Zintzotasuna, zehaztasuna eta osotasunaz hornituriko objetibotasuna. Hala ere, busti egingo gara. Laburbilduz, elkartasuna, justizia, berdintasuna, demokrazia, askatasuna, partizipazioa, kritikotasuna, sormena... defendatzen dituzte. Askatasun-adierazpenean iharduten dute, debatea eta iritzien elkartrukaketa suspertzen dituzte beren ideiei eutsiz. Honela, mintzaira sexista, naturaren suntsipena edo jarrera zapaltzaileak beraiengandik at geratuko dira.