Getxo Irratia: Bizkaiko Uribe Kosta 1988ko urtarrilean hasi ziren Getxoko udal-irratiaren emanaldiak; proba moduan hasieran, eta erregulartasunez apiriletik aurrera. 16 milioi pezetako (96.162 euro) inbertsioa beharrezkoa izan zen Getxo Irratia abian jartzeko. Kontrol kontseilu batek kudeatzen du emisora, 1987ko otsailaren 27ko udalbatzan ezarritakoaren arabera; Kontseilu horretan Getxoko alkateak edo bere ordez izendutako zinegotziak (zuzendari moduan) eta bertze bortz zinegotzik parte hartzen dute. Zinegotzia udal-hauteskundeen emaitzen arabera aukeratuak izaten dira, eta ordezkaririk gabeko alderdirik egon ez dadin, talde guztiek dute ordezkari bana izateko aukera. Kontseilu horren funtzioen artean, udal komunikabideen arduradun teknikoa izendatzea dago. Ekitaldien plangintza ezartzea eta adostutako programazioa betearaztea dira eginkizun garrantzitsuenak. Irratiaren bizitzaren lehenengo urtean herriko talde batzuek eta kolaboratzaileek parte hartu zuten arren, azken horien lan-baldintzen inguruan arazoak zirela eta, aukera hori itxi egin zuen udalak. Beraz, informazio arloa aurrera eramateko, funtzionarioek plantila eratu eta gero, irratsaioak kontratatzeari ekin zion udal administrazioak. Hala ere, entzule kopurua oso eskasa izan zen; esaterako, Getxoko Udalak 1991an eskatutako inkestaren arabera getxotarren %2k baino ez zuen irratia entzuten astean zehar, eta portzentajea %10era heltzen zen asteburueta; kirol saioak tartean zirela, noski. Irratien arduradunen esanetan, lizentziarik gabe emititzeak eragindako arazoa zen hori; hala ere, 1997an emititzeko baimena eskuratu arren entzuleen kopurua ez zen haunditu. Gaur egun, goizeko emanaldiak eskaintzen dituzte soilik, udal informazioan oinarrituriko buletin elebidunetan eta arratsaldeko hiruetatik aurrera Euskadi Irratiaren programazioaren bikoiztaile soila da emisora.