IRRATIA IRRATIA GAUR 80. hamarkadak FM-ren bilakaera izugarria ezagutuko du. Orain arte, Loiolaz gain, irrati hauek musikalak ziren. Hemendik aurrera irrati-kate konbentzionalak sortuko dira: Antena 3, Radio 80, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Miramar (gero Cadena 100), Onda Cero. Halaber, irrati musikal berriak ere sortuko dira: Gasteizko 96 FM (pop musika), Radio Nervión/Nerbioi Irratia eta Radio Gorbea (musika herrikoia). Irrati piratak ere ezagutuko ditugu, batez ere Bilbo inguruan. Gasteizen irrati libre eta alternatiba interesgarri bat jarriko dute martxan, Hala Bedi izenez ezaguna dena. 1984.urtean sortua, oraindik martxan darrai. 1981ko otsailaren 23an Tejeroren kolpea bizi izan genuen eta irratiaren bidez segitu zuten herritarrek. Radio Nacional, militarrez okupaturik zegoen bitartean, SER kateak puntualki informatzen zuen Madrilgo kongresuan gertatzen zena. Herri Irratia ere antenan egon zen kolpearen berri emanez. Data hau geroztik, irratiak prestigio eta sinesgarritasun haundia lortu zuen. 90. hamarkadako azken urtetan teknologiaren bilakaera izugarria emango da. Emisioak sateliteen bidez zabalduko dira, ordenadoreak nagusituko dira irratiko estudioetan, eta DAB banda digitala sortuko da (Euskal Herrian, Radio Vitoria lehena izango da) eta irrati berriak sortzen ari dira bai banda berri honetan bai Interneten. Gaur egun irrati andana entzuteko aukera dugu Euskal Herrian, elebidunak (euskara-gaztelania; euskara-frantsesa) zein elebakarrak (euskara, gaztelania edo frantsesa). Halaber, Irratiaren etorkizuna digitalizazioaren munduan dago. Egunero aldatzen ari da teknologia eta formatu berriak asmatzen ari dira.