Zornotzako Udal-Irratia: Bizkaiko eta seguraski Euskal Herriko lehenengo udal irratia izan zen. 1982an sortu zen Zornotzako Kultur Etxean, asteburuetako emanaldiaz eta inguruko ikasleei zuzenduta irrati tailer moduan. Ikasleek ezezik bertze talde batzuek parte hartzeko aukera izan zuten beranduago. 1985etik aurrera irrati formula musikalean oinarrituriko programazioa eskaintzen zuen, egunero hiru orduz. Hasieran udaletxetik emititzen zuen 50Wko potentziaz, baina egokitzapen teknikoak egin behar zirela-eta, 250Wera igo zuen potentzia 1988an. Era berean, moldaketaren ondorioz beste lokal batzuetara eraman zituzten estudioak, cine-klub ondoko egoitzara. 1993an bertze aldaketa bat eman zen. Urte horretako martxoan kazetaritzako ikasleentzako bi beka deitzea erabaki zuenean udalak. Programazioa profesionalizatzea eta baita euskarazko irratsaioak sartzea zuten helburu arduradunek. Dialean ere lekua aldatu zuen, eta 102 MHz-etik 107 MHz-ra pasatu zen, emankizunak legeari egokituz. Era berean, programazioa luzatu eta astelehenetik asteazkenera bitartean, arratsaldero emititzen zuten 19etatik 22etara; ortzegunetan, 23:30etara luzatzen zen programazioa eta gauerdiraino ostiraletan. Larunbatetan, berriz, goizean emititzen zuen eta igandetan ez zen emanaldirik eskaintzen. Horrez gain, euskarazko lehenengo irratsaioak sortu ziren, nahikoak ez ziren arrean. Berritasun teknikoak ere izan sitúen irratiak garai honetan 93eko abuztuan potentziometroa hautsi zela eta, konponketarekin batera emankizunen potentzia indartu zuten eta Zornotzan ere Bediaraino entzuten zen. Ondoren, emandegitik Urritxeko araztegira eraman zuten antena.