KAZETARITZAREN HISTORIA Gaur egungo kazetaritzaren oinarri sendoenak inprentak jarri zituen. Lehen aldizkaria Kolonian argitaratu zen XVI. mendean, katolikoen eta protestanteen arteko gatazkaren berri emateko. XVII. mendeko lehen urteetan aldizkako prentsa erregularra (hilabetekariak eta astekariak) argitaratzen zen Alemanian, Herri Beheretan eta Ingalaterran. Mende hartan, postaren erabilerak prozesua (albisteen harrera, inprimatze eta hedapena) bizkortu zuen, eta kazetaritzaren merkatua posta zerbitzua zuten hiri guztietara hedatu zen. Horrekin batera gaurkotasunaren kontzeptua garatu zen, irakurlek bere inguruan gertatzen zenaren kontzientzia handiagoa hartzen baitzuen. XVIII. mendean ingeles estiloko iritzi kazetaritza eta prentsa politikoa nabarmendu ziren. 1702an, Daily Courrent izenburuko lehen egunkari ezaguna plazaratu zen Ingalaterran, baina benetako egunerokotasuna XIX. mendeko lehen urteetan iritsi zen. Aldi berean, astekariak eta bestelako aldizkariak espezializatuz joan ziren. Irratia (1924) eta telebista (1938) agertzean, kazetaritzaren betiko euskarri idatzia aldatu zen eta albisteak askoz lasterrago hasi ziren zabaltzen. Ondorioz, bi norabideko kazetaritza moldeak gauzatu dira: berehalakotasun handiz albisteak eman ditzaketen irratia eta telebista alde batetik, eta gertakariez informazio zabalagoa eta haien buruzko hausnarketa eta iritziak ematen dituen prentsa idatziak bestetik.