IRRATIAREN HISTORIA Aurretik saio batzuk izan baziren ere, 1920en hamarkadan hasi zen irratia Europa eta Ameriketan zabaltzen. Hasierako urte haietan, ia irrati guztiak pribatuak ziren, baina komunikabide hori hedatuz joan ahala, estatuak hasi ziren irratietan parte hartzen, iritzi publikoan zuten eragina kontrolatzeko. Irratien iharduera 1927an arautu zen Estatu Batuetan, lehenbiziko aldiz, lege baten bidez. Lege horrek (Radio Act izenaz ezagutzen dena), irrati enpresen askatasuna finkatzen zuen arren, uhin luzera eta emisioen hedadura mugatu ziren. Gero, nazioarteko hitzarmenak osatu ziren, interferentziak sahiesteko eta irratien arteko lankidetza arautzeko (Praga, 1928; Luzerna, 1933; Montreux, 1939). Atlantic City-n egindako bilkuran (1947) uhin luzea (150-258 kHz-ko uhin maiztasunekoa) eta tarteko uhina (525-1605 kHz-ko uhin maiztasunekoa) finkatu ziren herrialde barruko emisioetarako. Uhin maiztasun horietan oso uhinbide gutxi dagoenez gero, emisio ugari pilatzen ziren uhinbide berean, eta interferentziak sortzen ziren. Kopenageko bilkuran (1948) banatu ziren Europako uhinbideak (15 bide uhin luzeetarako, eta 120bide tarteko uhinetarako), uhinbide bera erabili behar zuten irratiek elkarrengandik ahalik eta urrutien kokatuz interferentziak sahiesteko. Tropikoetan, berriz, Tropiko uhina deitutakoa (2300-5060 kHz) erabiltzen da, bertan interferentziak sorrarazten dituzten uhin parasito ugari daudelako. Herrialdeetatik kanporako emisioentzat uhin laburra gorde zen Atlantic City-ko bilkuran (180 uhinbide). Uhin labur hori mundu osoan heda daiteke. Azkenik agertu den uhin mota maiztasun modulatukoa da (87,5-100 MHz). Uhin mota honek hobeto sahiesten ditu interferentziak eta zehaztasun handiagoko emisioak bideratzen ditu. Uhin modulatuko 42 uhinbideak Estokolmoko bilkuran banatu ziren Europako irratien artean.