ttipi-ttapa telebista
 

 

lan taldea

 

 

ttipi-ttapa telebista ikusteko ( saioen karetak )

sakatu bakoitzaren logoaren gainean, hori bai REAL programa

beharko duzu. ( doan behitiko gunean )



 

ttipi-ttapa telebistak
urtea bete du

ekainaren 15ean ttipi-ttapa telebista abiatu zenetik urte bat bete da. Gibelera begiratu eta kronologia ttiki bat osatu dugu, urteak eman dituen egun eta gertaera garrantzitsuenekin:

98ko apirilak 26: Almandozen, Apirileko Ferian, bere lehendabiziko agerraldia egin zuen ttipi-ttapa telebistak.
98ko maiatzak 24: Arantzan UEMA eguna ospatzen zela probextuz, aurkezpen ofiziala egin zen. Lamixine antzerki taldeak sketch-a antzeztu zuen gertaera azpimarratuz.
98ko ekainak 1: Herri telebista honek bere lehen irudiak emititu zituen, telebideoa martxan jarriz. Urtebetetze agurrak, publizidadea eta bertzelako informazioak agertu ziren lehenengoz.
98ko ekainak 15: Lehendabiziko emisioa. Nerbioak eta arazo teknikoak tartean, behar baino orduerdi beranduago hasi zen informatiboa.
98 uztailak 5 eta 6: Lehendabiziko programa berezia emititu zen. Lesakako San Ferminei buruz hain zuzen.
98ko irailak 14: Lehenengo Jokoa Solas kirol programa aireratu zen, Aitor Arozena eta Felipe Saragueta aurkezleek gidatua.
98 irailak 16: Bidegurutzean kultur magazinaren lehendabiziko emisioa.
98ko irailak 25: Herriz-herri saioa estreineko aldiz emititzen da.
98ko abenduak 28: Inoxente eguna; urteko programazioan egindako hankasartze xelebreenen errepasoa eta… inuxentada opari.
99ko otsaila: Iñauterietako irudirik ikusgarrienak bildu ziren herriz herri.Bestetan bezala bideoak jarri ziren salgai.
99ko martxoa: Arantzako Otsagarra eta Lesakako Deskarga mendietan antena berriak jarri ziren.
99ko martxoak 24: Korrikari buruzko programa, eskualdean barna pasatu zeneko irudiekin.
99ko apirilak 16: Herriz herri programaren Sunbillako berriak hasten dira agertzen.
99ko maiatzak 6: Malerrekako 13 herritan ttipi-ttaparen seinalea hartzen da, Askin mendiko antena berriari esker.
99ko maiatzak 10: Herri Urratseko irudiekin saio koloretsua.
99ko ekainaren 13a: Kanpainak iraun duen bi astetan talde politikoen programak ezagutarazi eta ordezkari desberdinak mahai inguruan bildu ondotik, hauteskunde arratsean emaitzen berri eman zen gertatu ahala.
99ko ekainak 15: Lehen urteurrena ospatzeko programa: urte bateko errepasoa irudietan.

Urte bateko zenbakiak
1.009 berri eta erreportai
542 elkarrizketa
258 programa

ANEKDOTAK
Urte bateko errepasoak anekdota aunitz kontatzeko aukera ematen du egunerokoa lantzen duen telebista batek, eta gehiago telebista hori sortu berria baldin bada. Hona hemen bakarren bat:
Jendea laster ohituratu da herri telebistarekin elkarbizitzera, baina batzuei nahiko kosta zitzaien hori asimilatzea. Egun batean estudioan agertu zen emakume hareri, adibidez, (aitzineko egunean elkarrizketa egin ondotik) ea nola arraio atera genuen bera telebistan, orain "Espainia guzia" bere bizkar ariko zela solasean…
Bertze behin, Doneztebeko Mendi Bizikleta lasterketan, epaile modura aritzea tokatu zitzaion kamara bati. Izan ere, proba akaututa seigarren tokian sartu zen txirrindulari bat goitu baitzen podiumera, eta antolatzaileek ez zuten afera batere garbi. Hortaz, grabatutakoa atzera bota eta azken epaia eman zuen ttipi-ttapa telebistak.
Gisa honetako telebista baten helburu nagusienetako bat herriko jende xumeei hitza ematea baldin bada ere, denoi gustatzen zaigu pertsonaia famatuak ikusi eta haien iritziak aditzea. Ahal izan duen guzietan lan horretan saiatu da ttipi-ttapa telebista.
Horrela, zuen etxeetako pantailetara Migeltxo Saralegi, Inaxio Errandonea, Asier Olaizola, Miguel Indurain eta Osasunako Tiko bezalako kirolari ezagunak eraman ditugu; Xabier Arzalluz, Josu Jon Imaz, Karlos Garaikoetxea eta Pernando Barrena politikariak ere agertu dira; kultura munduko jendeen artean, berriz, Amaia Zubiria eta Joseba Apaolaza antzerkilariari egindako elkarrizketak aipa daitezke, baita Gotzon Garate etaAnduLertxundiri egindakoak ere.



Berrikuntzak


ttipi-ttapa telebistan
Herriz-herri saioan aldaketa dexente izandu dira

 

Udaberriak bere kolore eta bizitasunak ekarri dizkigu telebistara eta guk eskuzabalik hartu ditugu. Aipagarrienen artean, Jokoa Solas saioaren aurkezpen berria, Bidegurutzean kultur programaren atal berriak, eta Ttipi-ttapa telebista atseginago bihurtzeko sortu ditugun irudi sorta.
Halere, ortziraleroko Herriz-herri saioa da udaberriaren haize bolada frexkoa gehien nabaritu duena. Jakinen duzuen bezala, gure telebista Malerreka aldean laster ikusi ahal izanen da, eta honen erakusgarri saio honetakoaurkezle berria, Jaione Otxandorena. Joan den astean Sunbillako berrixkak kontatu zizkigun, eta aurrerantzean hala eginen dugu gainerako herrietan ere. Beraz, telebistaren mundua gogoko baduzu, deitu ttipi-ttapara. Animatu!

 

PROGRAMAZIOA
 

 astelehena

 asteartea

 asteazkena

ortzeguna

ortzirala
 13:00  Herriz-herri(e)  Berriak (e) Berriak (e) Berriak (e) Berriak (e)
     Jokoa Solas   Bidegurutzean  
 21:00  Berriak Berriak Berriak Berriak Herriz-herri
 21:30  Jokoa Solas   Bidegurutzean Herriz-herri  

(e) errepikapena

 


programazioa


BERRIAK: Estitxu FERNANDEZ

Noiz?
Egunero, arratseko 21:00etan
Errep: Ondoko egunean, 13:00etan
Zer?
Egunean zehar inguruan gertatu diren notizia nagusien kontakizuna hurbilduko digu ttipi-ttapa telebistaren informatiboak.
Ofizio ugariko lankidea da Estitxu. Ikasketaz sikologoa eta ofizioz kazetari, bertsolari eta irakasle. Bera da ttipi-ttapa telebistaren 'aurpegia' hasiera beretik eta berak aurkeztuko du orain ere Berriak saioa.
Eguneroko aktualidadea da saio honetan agertzen dena, gure herrian edo ondoko herrian notizia dena. Eta aktualidadearen segimendua egiteaz gain, eguraldiaren iragarpena eta hurrengo egunetan agendan kontutan hartzekoak izanen diren ekitaldien berri ere eskaintzen da informazio saio honetan. Bertakoek egina bertakoentzat.

JOKOA SOLAS

Felipe SARAGUETA - Aitor AROZENA

Noiz?
Astelehenero, arratseko 9,30etan
Errepikapena: Asteartea, 1,30etan
Zer?
Asteburuan eskualdean gertatu diren kirol ekitaldien errepasoa eta protagonista nagusien iritziak bilduko ditu programa honek.

Futbola, pilota, herri-kirolak… gure herriotan astebururo izaten dira hainbat eta hainbat kirol ekitaldi, baina zaila da denen berri izatea, zuzenean ikusi ezean. Orain, ordea, herriko futbol taldearen partiduko jokaldi hoberenak, edo txirrindulari lasterketaren irudiak ikusteko aukera dugu ttipi-ttapa telebistan. Eskualdean suertatzen diren gisa guzietako kirol ikuskizunetan, hantxe izanen dira gure kamarak ere.
Aitor ttipi-ttapako kazetaria da duela urte mordoxka, eta Felipe, berriz, Zuzenbidean lizentziatua da.

BIDEGURUTZEAN

Jon ABRIL

Noiz?
Asteazkenero, 9,30etan
Errep: Ortzegunean, 1,30etan
Zer?
Kultur gaiei buruzko saioa izanen da, elkarrizketak eta erreportaiak tartekatuko dituena.
Lehiaketa bat ere eginen da astero-astero.

Jon Abril aski pertsonaia ezaguna da Bortzirietan, inguruan egiten diren kultur ekitaldi auniztan antolatzaile edo laguntzaile gisan partehartzen duelako batez ere. Bertso saioetan gaijartzaile edo epaile bezala aritukatu da frankotan. Bere saltsan egonen da, beraz, kultura ardatz duen programa hau aurkezten.
Baina kultur gaiekin ez ezik, gizartearen interesa pizten duten bertze gisako gaiekin ere topo eginen dugu Bidegurutzean. Izan ere, gai ezberdinak ikuspegi zabal eta aberats batetatik lantzea baitu helburu saio honek.

HERRIZ HERRI

Nerea ALZURI

Noiz?
Ortziralero, 9,30etan
Errep: Astelehenean, 1,30etan
Zer?
Herriz-herri hartutako berrixken bilduma eginen da saio honetan, herri bakoitzeko berriemaileen eskutik.

Kazetaritza ikasketen hondar urtea burutuko du aurten Nerea Alzuri aranztarrak Leioan, Bizkaian. Ttipi-ttapa telebistan ez ezik Xorroxin Irratian ere aditzen ahal da bere ahotsa. Berak eginen du herri desberdinetako berriemaileekin koordinazio lana, eta bere esku izanen da, halaber, programa honen aurkezpena egitea. Herrietako hainbat notizia eta bitxikeri hurbilduko dizkigute bihartik hasita ortziralero, inguruko kontuetaz behar bezala informaturik egon gaitezen.
Gainera, tarteka herriko jendearekin elkarrizketak eginen dituzte afera honen edo haren gaineko eritzia zein den jakiteko.


Telebistaren mundua ezagutarazi


Hastapenetik, gure herri telebistaren asmoetako bat izandu da eskualdeko jendeari telebistaren mundua ezagutzeko aukera ematea. Momentu honetan gaude, inoiz baino gehiago, laguntza horren beharrean. Laguntza ekonomikoa, batetik, telebistaren proiektua egonkortu eta aitzinera atera dadin, baina baita jendearen partehartze zuzena ere. Gisa honetan, zenbait bolondres telebistan praktikak egitera animatu dira dagoenekoz (elkarrizketak egiten edota kamara maneiatzen), eta zuetako bakarren bat interesatuta baldin badago telebistaren mundua hurbiletik ezagutzeko, badakizue, ate guziak irekiak daude ttipi-ttapa telebistan.

Euskarazko Herri Telebisten
Federazioko partaide


Gipuzkoako Oarso Telebistak (Oiartzun, Errenteria, Pasaia eta Lezon ikusten da) eta ttipi-ttapa telebistak martxan jarri dute berriki Euskarazko Herri Telebisten Federazioa. Abiatu den bidetik elkarlana gauzatzen hasia da momentuz bi telebista hauen artean, eta etorkizunari begira, gonbitea luzatu zaie batetik Arrasate Telebista, Xaloa eta Aldudeko Elebistari, etabertzetik, sortze prozesuan dauden proiektu berriei, gisa horretara elkarlanaren bidetik urrats berriak emateko.


Oinarrizko ezaugarriak


EUSKARAZ. ttipi-ttapa aldizkariko Audientzia Estudioaren arabera, gure herrietan bizi diren lau pertsonetatik hiruk euskaraz hartu nahi ditu bertako berriak.
INTEGRATZAILEA.. Zabala, herriko bizitza agertuko duena, aniztasunaren aldekoa.
INDEPENDIENTEA.. Erakunde politikoetatik eta erdarazko medioetatik. Proiektu hau ezin da nahasi bertze helburuekin mugitzen direnen interesetan.
OINARRI SENDOKOA.. ttipi-ttapa aldizkariak profesionalki eta komertzialki babestutako proiektua da telebista. Horrekin batera, mila pertsona baino gehiagoren bazkidetza du bere alde.

 hasiera / zer da ttipi-ttapa? / harpidetza / web loturak / aurreko aleak